Emakumeentzako Jabekuntza Eskola

Emakumeentzako Jabekuntza Eskola eskualde honetan abian jarri nahi dugun proiektu aitzindaria da. Honen helburua emakumeen antolaketa eta mobilizazio soziala bultzatzea da, hain zuzen azkenean emakumeak berak izan daitezen emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorra errebindikatzen dutenak bere bizitzetako arlo guzti-guztietan (gizonezkoek ere ardura bera hartzea etxeko eta zaintzako lanetan; etxeko eta zaintzako lana ikusgarri egitea eta dagokion balorazio ekonomikoa ematea, etab.). Bizkaiko Jabekuntza Eskolekin Sarean jarduteko esperientziak -izan ere horiek dagoeneko 6 urteko ibilbidea egin dute, prozesua sistematizatzeko ahalegin handiarekin batera- erakusten digu eskola dagoeneko hainbat eragin izaten ari dela emakumeengan, bai banaka bai kolektibo gisa harturik, eta eragin horiek erreferentzia pribilegiatua dira eskualde honetan bultza dezakegun lanerako.

Beste Jabekuntza Eskola batzuekiko sare lana

Tolosako Udalaren Berdintasun Arloarekin sarean lan egiteko ideiaren sorburuan esperientziak, gogoeta eta jakintza elkarrekin trukatzeko beharra egon da, eta baliabideen erabileran eraginkortasun eta probetxu handiagoa ateratzekoa halaber.

Eskolaren helburuak

Emakumeentzako Jabekuntza Eskolaren helburua emakumeen partaidetza politiko eta soziala bultzatzea da, historikoki baztertuta egon diren politika publikoetan eragin ahal izan dezaten.

Lan-ildoak

- PRESTAKUNTZA: Prestakuntza eta gogoeta feminista lanabesak dira emakumeek bere bereizkeria egoeraren gainean kontzientzia hartu eta mobilizatzen hasteko. Asmoa da 2009ko udazkenerako eta 2010eko urterako prestakuntza-ildoetako batzuetan identitate eta subjektibotasun femeninoaren gaia jorratzea, eta feminismoa, beste kultura batzuetako emakumeekiko elkartasuna, kulturaren definizio berria eta abar.

- SISTEMATIZAZIOA: Horretarako, proiektua hasi zenetik eta bere fase guztietan, baliabide espezifikoak bideratu nahi dira esperientzia sistematizatzea, ebaluatzea eta, zabalkundea ematera begira, esperientziatik praktika egokiak ateratzea ahalbidetuko duen metodologia bat diseinatzeko.

- KULTURARTEKOTASUNA: Proiektuan ardatz hau sartzearen oinarrian patriarkatuaren izaera unibertsala dago. Emakumeek jasaten duten bereizkeria, zapalkuntza eta bazterketa konstante bat da mundu osoan zehar. Ikuspegi etnozentriko batek hegoaldeko emakumeak erakusten dizkigu, beti, egoera honen biktima; baina jakin badakigu toki guztietan daudela bere jabekuntza lortzeko estrategiak garatzen dituzten emakumeak. Bilatu egin nahi ditugu, eta horiekin hartu-emanetan jarri eta esperientziak trukatu, GGKEekin zein helburu berberak dituzten emakumeen erakundeekin bezalaxe.